
Asteartea, 2009ko apirilak 21.
Gomezek txapela berreskuratu du.
Santurtziko jokalariak Euskadiko Xake Txapelketa irabazi du asteburuan,
bederatzigarren aldiz.
Josu Tornay. Donostia.
Herenegun amaitu
zen Euskadiko 23. Banakako Xake Txapelketa, Zornotzan (Bizkaia). Mario Gomez
zen txapela irabazteko faborito nagusia, eta santurtziarrak ez zuen huts egin.
Azken bi urteetan irabazi ezinik egon eta gero, Gomezek helburua lortu du
aurten. Sestao taldeko jokalariak txapel uzta bikaina du jada, bederatzi aldiz
irabazi baitu Euskadiko Txapelketa: 1988an, 1990ean, 1997an, 1998an, 2001ean,
2003an, 2005ean, 2006an eta aurten.
Aurten, Euskal
Herriko puntako zenbait jokalari ez ziren izan Zornotzan, adibidez, Santi
Gonzalez bilbotarra eta Miguel Navarro iruindarra. Iazko txapelduna Alejandro
Francok ere ez zuen parte hartu. Hala ere, aurkeztutako 26 jokalariek zerrenda
interesgarria osatu zuten. Gomez maisu handi santurtziarra zen faborito nagusia
txapelketa irabazteko, baina Mikel Huerga gazte iruindarrarengandik ere asko
espero zen. 19 urteko nazioarteko maisua da gaur egun euskal xakeko
esperantzarik garrantzitsuena. Horien atzetik beste batzuek ere bazuten
ezustekoa emateko aukera: Rafa Alvarezek, Iņigo Argandoņak eta Alejandro
Ruizek. Beste zazpi-zortzi jokalarik ere aukeraren bat izango zutela espero
zen.
Baina Gomezek ez
zuen huts egin, eta lehen lau partidak irabazi zituen; oso ziur, gainera.
Bosgarren txandan, Argandoņari irabazi eta lehiaketa erabakita uztekotan izan
zen, baina ez zuen jokaldi egokia topatu, eta berdinketarekin konformatu behar
izan zuen. Azken bi partidetan ez zuen arriskurik hartu, eta biak berdindu
zituen.
Huergak bikain
jokatzea espero zen, baina gauzak ez zitzaizkion ondo irten. Lehen txandan
ezustean galdu zuen David Diezen aurka. Gero, argi geratu zen Diez sasoiko
zegoela, bosgarren sailkatuta. Bigarren txandan, Huergak Alvarez nazioarteko
maisua gainditu zuen, eta bere bidea zuzenduko zuela ematen zuen. Usteak ustel.
Hirugarren txandan, Galzagorri abadiņarrarekin galdu zuen, eta ia aukerarik
gabe geratu. Azkenean, bigarren sailkatu zen, azken lau partidak irabazi
ondoren.
Bestalde,
jokalari gazte batzuk goiko postuetan sailkatu ziren txapelketan. Hala, David
Astasio gasteiztarra hirugarren izan zen, eta Iņigo Martin donostiarra,
laugarren.
############
Mario Gomez. Xake jokalaria.
Beteranoa izan arren eta garaipen zerrenda ikusgarria izan arren, Mario
Gomez ez da nekatzen irabazteaz. Hori bai, lehiaketaren gainetik, xakean
jokatuz gozatzen jarraitzeari ematen dio garrantzia.
ĢKostatu zait irabaztea, eta zortea ere
izan dutģ.
J. Tornay. Donostia.
Pozik dago Mario
Gomez (Santurtzi, Bizkaia, 1958). Ez da gutxiagorako, beste mugarri bat ezarri
baitu bere kirol ibilbidean, Euskadiko Txapelketa bederatzigarren aldiz
irabazita. Gainera, arantza atera du, 2006tik ez baitzuen irabazi txapela.
Ezer baino lehen, zorionak. Marka handia egin duzu Euskadiko Xake
Txapelketa bederatzigarren aldiz irabazita. Noiz arte txapelak irabazten eta
irabazten?
Eskerrik asko.
Egia esan, ez zait axola inolako markarik edukitzea. Nahi dudan gauza bakarra
da xakean jokatzen jarraitzea eta, ahal bada, irabaztea.
Irabazi dituzun Euskadiko Txapelketatik zein da oroitzapen onena ekartzen
dizuna?
Egia esan, ez
daukat alde horretatik gustukoenik. Baina bat esatearren, Hotel Ruta de Europan
irabazi nuena gustatu zitzaidan, 1997an edo 1998an izan zen. Urte hartan zazpi
partida jokatu nituen, eta guztiak irabazi.
Egin duzun jokoarekin gustura al zaude?
Gustura nago,
baina, hala ere, kostatu zait partidak irabaztea. Zorte apur bat izan dut ere
partidaren batean. Esan liteke maila apur bat igo dela azken urteotan. Jokalari
gazte batzuk jada nahiko ondo aritzen dira. Esate baterako, Iņigo Martin eta
Sergio Trigo. Bestalde, Mikel Huergak bikain jokatzen dut.
Bosgarren partidan, Iņigo Argandoņaren aurka, bazirudien txapela erabakita
zegoela zure alde, baina ez zenuen asmatu lana biribiltzen.
Bai, baina kolpe
psikologikoa ez zen bereziki handia izan. Partida berdinduta egon zen, eta
berdindu egingo genuela pentsatu nuen. Finalean, Argandoņa nahastu egin zen,
eta niri irabazteko aukera eman zidan, baina ez nuen aprobetxatu. Horrelako
gauzak gertatzen dira, besterik gabe.
Zer-nolako txapelketa izan da?
Dena ondo joan da
antolaketa aldetik, eta nahiko torneo bizia izan da. Ezusteko handiak izan
dira. Adibidez, Huerga azkenean bigarren geratu da, baina lehen hiru partidetan
bakarrik puntu bat lortu zuen. Bestalde, elo oso altua ez duten jokalari batzuk
nahiko torneo ona egin dute. Adibidez, David Diez bosgarren postuan sailkatu
da, eta hasierako sailkapenean hamabosgarrena zen.
Zeintzuk dira orain zure hurrengo erronkak?
Hilaren 30ean
Euskadiko selekzioan Espainiako Txapelketa jokatuko dut, eta han lan ona egin
nahi dut. Gero, Benasqueko Irekia jokatuko dut (Espainia), eta abuztuan,
Naturgas-Sestaorekin taldekako Espainiako Txapelketa.
Taldekako Euskadiko Txapelketan Gros nagusitu da aurten ere. Zergatik ezin
duzue txapelketa hori irabazi?
Grosek oso talde
indartsua dauka, eta guk, agian, espero baino huts gehiago egin genituen.
Aurten, adibidez, Romerok eta biok larregi huts egin dugu.
Euskal Xake Federazioko hauteskundeak izan dira aurten, eta berriro Miguel
Angel Muelak irabazi du. Zein iritzi duzu gai horretaz?
Ni ez naiz sartu
horretan, eta hauteskundeetan parte hartu duten guztiekin harreman ona daukat.
Hala ere, hauteskundeetarako daukagun sistema -estatutuena- egun tokiz kanpo
dagoela uste dut. Mafiak sortzeko aukera ematen du sistema horrek. Nire ustez,
federatu bakoitzak boto bat izan beharko luke. Bestela, beti bezala, azkenean,
jokalariak ez gaude ezertarako prozesu horietan. Bestalde, ez zait ondo
iruditzen enpresa edo erakunde pribatuak egotea hautagaitza baten atzean. Kirol
federazioek erakunde publikoak izan behar dute, eta beste interes batzuetatik
kanpo mantendu behar dute.
############
Š berria.info